Ramiro Maeztu
Ramiro Maeztu Whitney[1] (Gasteiz, Araba, 1874ko maiatzaren 4a - Aravaca, Madril, Espainia, 1936ko urriaren 29a) idazle eta saiogile erdalduna izan zen. 98ko belaunaldiaren literatura-mugimenduaren kidea izan zen. Real Academia Española erakundean ere jardun zuen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurasoak Manuel de Maeztu Rodriguez eta Juana Whitney zituen, kubatar jatorriko ingeniaria bata eta diplomazialari ingeles baten alaba bestea, biak Parisen heziak. Gasteizen jarri ziren bizitzen eta bost seme-alaba izan zituzten, zaharrena Ramiro bera, Angela, Miguel, Maria eta Gustavo.
Sendiaren diru-iturri nagusia zen Kuban zuten azukrearen ustiapena zen, baina horren inguruko zailtasunak zirela medio, aita etengabe bidaiatzera behartua zen. Ramiro, hamabost urte zituela ikasketak bertan behera utzi ondoren, Parisen eta La Habanan bizi izan zen. Cienfuegosen izan zen aitari laguntzen eta La Habanan irakurle gisa tabako lantegi batean.
Aita, Manuel Maeztu, Kuban hil zen 1898 urtean eta oinordetzarekin izan zituzten arazo administratiboek Juana Whitney eta bere bost seme-alabak oso egoera latzean utzi zituen. Alarguna eta seme-alabak Bilbora joan ziren bizitzera. Juana Whitneyk bertan Academia Anglo-Francesa deiturikoa ireki zuen, neskentzako egoitza moduko bat, eta bertan Mariak gogotsu hartu zuen parte. Ramiro, kazetari gisa El porvenir vascongado egunkarian hasi zen lanean[2]. Espainian, kazetaritza lanetan ibili zen Madrilen, Germinal eta El País egunkarietan. 1899an Hacia otra España argitaratu zuen.
1904an Londresa joan zen bizitzera. Garai horretakoak dira zenbait liburuxka (1911, La revolución y los intelectuales eta Obreros e intelectuales) eta Europako krisialdiari eta Lehen Mundu Gerrari buruzko zenbait lan: Inglaterra en armas (1916) eta La crisis del humanismo (1919, "Humanismoaren krisia"). Saiakera hoberenen artean Don Quijote, Don Juan y la Celestina (1926) aipa daiteke. Alice Mabel Hill britaniarrarekin ezkondu zen eta seme bakarra izan zuten, Juan Manuel
Espainiako enbaxadore izan zen Argentinan (1928), Primo de Rivera diktadorea aginpidean egon zen garaian. Monarkiaren aldeko jarrera nabarmeneko Acción Española aldizkaria sortu eta bertako zuzendari izan zen. Hizkuntza Akademiako kide izan zen (1934). Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkaria izan zen, eta Madrilen hil zen, fusilaturik, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean.[3]
Ibilbide politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetan anarkismoaren aldekoa bazen ere, ideia atzerakoiak aldeztu zituen ondoren. Izan ere, gaztetan Karl Marx gogo handiz irakurria zuen (nahiz eta mende hasieran bere determinismo ekonomikoagatik kritikatzen duen) eta Britainia Handian modan zegoen sozialismo korporatiboaz interesatu zen, eta bere prestigioak ahalbidetu zuen bere lanak erregimen frankistan irakurtzea eta zentsura saihestea, nahiz eta haren ideologiaren kontrakoak izan. Egile bihurtu eta birsortu aurreko gaztaroko bekatu gisa interpretatu zituen[4]. Kanten filosofiaren azterketak eta kategoria formalen a priori izaeraren formulazioak Maezturen pentsamoldea jarrera kontserbadoreagoetara aldatzearen hasiera ekarri zuen eta bere obran gero eta agerikoagoak izango ziren bere ideia erlijiosoak[5].
Era berean, militarista sutsu bihurtu zen eta intelektualen artean Primo de Riveraren diktaduraren ia defendatzaile bakarra.
Errepublikaren ondoren, aristokrata, finantzari, politikari eta intelektual talde handi batekin lerrokatua, katolizismoaren, monarkiaren (ez konstituzionala, baizik eta ordezkatzailea eta zuzenbide naturalak mugatua) eta demokraziaren (organikoa, ez liberala) printzipioetan oinarritutako alderdi bat sortzearen alde nabarmen agertu zen.
Hitler miresten zuen masen buruzagi bezala (nahiz eta programa naziaren alderdi arrazista eta anrisemitak kritikatu), batez ere Alderdi Komunista eta ezker osoa legez kanpo uzteko izan zuen erraztasunagatik[6].
Parlamentarismoarekiko desinteres eta mespretxu handia izan arren, Unión Regionalista Guipuzcoana izeneko partiduan bere hautagaitza sartu zuen, "Jainkoa, Aberria, Foruak, Erregea" leloarekin, eta eserleku bat lortu zuen[7].
Parlamentuko bere hitzaldiak urriak izan ziren, baina berak sorturiko etenaldiak eta beste parlamentari batzuei egindako irainak ohikoak izan ziren. Euskal Estatutuaren proiektuari dagokionez, Araban boto-emaileen % 40k baino ez zuenez babestu, probintzia banatzea proposatu zuen, gazteleradunena zelako. Estatutu sistemaren kontrakoa izanik, foru birgizarteratzea proposatzen zuen. Bere aurrean izan zituen Agirrek eta Leizaolak Euskal Herriko errealitate sozialari bizkar emanda bizitzea leporatzen zioten, eta bere eserlekua Oriol familiako jauntxoen trikimailuei zor izate hutsagatik egotea legebiltzarran[8].
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kazetaritza artikuluek osatzen dute bere obraren zatirik handiena. Zenbait kalkuluen arabera, 16.000 artikulu baino gehiago argitaratu zituen eta kazetaritzat zeukan bere burua[9].
Antzerkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- El sindicato de las esmeraldas.
Eleberria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La guerra del Transvaal.
Saioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hacia otra España (1899).
- Don Quijote, don Juan y La Celestina (1929)
- La crisis del humanismo.
- Defensa del espíritu.
- Defensa de la Hispanidad (1934).
- La brevedad de la vida en la poesía lírica española (1935).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ramiro Maeztu |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ (Gaztelaniaz)LASTAGARAY ROSALES, Mª Josefa.- Ramiro de Maeztu Whitney, un perfil biográfico.- Liburu honen sarreran: Crónicas de la Gran guerra. Inglaterra en armas y otras visitas al frente / Ramiro de Maeztu.- Madrid. La Ergástula, 2014. ISBN 978-84-16242-06-1. Orr, 41-77.
- ↑ (Gaztelaniaz)GONZALEZ CUEVAS, Pedro Carlos.- Maeztu : biografía de un nacionalista español. Madrid : Marcial Pons ed.; 2003. ISBN 84-95379-65-1. 359 orrialdean, gertaeraen kontaketaz gain, zehazten da ondoko epaiketaren erreferentzia, Espainiako Agiritegi Nazionalean,Causa General delakoa 1530 kutxan,4. piezan, 98. folioan
- ↑ (Gaztelaniaz) TORREALDAI, Joan Mari.- La censura de Franco y los escritores vascos del 98. Donostia : Ttarttalo, 1998. ISBN 84-891-486-6. Orr. 109-110.
- ↑ Gonzalez Cuevas,Pedro Carlos (2003), orr. 158
- ↑ ABC egunkaria. 1933ko martxoaren 3an, orr.3
- ↑ La Voz de Guipúzcoa , 1933ko azaroaren 21a eta 24a
- ↑ Kongresuko saioen egunkaria, 1934
- ↑ (Gaztelaniaz) FERNANDEZ URBINA, José Miguel.- Los vascos del 98 : Unamuno, Baroja y Maeztu.- Donostia : Bermingham, 1998. ISBN 84-7086-348-7. Orr. 242
- 1875eko jaiotzak
- 1936ko heriotzak
- Gaztelaniazko idazleak
- Euskal Herriko erdal idazleak
- Gasteizko idazleak
- Espainiako Gerra Zibilean eraildako euskal herritarrak
- 98ko belaunaldia
- Euskal Herriko monarkikoak
- Euskal Herriko gaztelaniazko eleberrigileak
- Euskal Herriko gaztelaniazko saiakeragileak
- Erregenerazionismoa
- Espainiako enbaxadoreak Argentinan
- Militarismoa
- Fusilatuak
- Euskal Herriko espainiar nazionalistak
- Real Academia Españolaren akademikoak
- Exekutatutako idazleak