Edukira joan

Primo de Riveraren diktadura

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Primo de Riveraren diktadura
Dictadura de Primo de Rivera
1923 – 1930
Monarkia
Espainiako bandera

Espainiako armarria

Geografia
HiriburuaMadril
Ekonomia
DiruaPezeta
Kultura
Hizkuntza(k)Gaztelania
Historia
Aurrekoa
Berrezarpena
Ondorengoa
Berrezarpena

Primo de Riveraren diktadura, 1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Rivera Kataluniako kapitain jeneralak estatu-kolpea eman zuenetik 1930eko urtarrilaren 28an dimititu zuen arte, Espainiak izan zuen erregimen politikoa izan zen. Dámaso Berenguer jeneralak ezarritako Dictablandak ordezkatu zuen. Alfontso XIII.a Espainiakoak diktadura babestu izanak monarkiaren gainbehera eragin zuen, Espainiako Bigarren Errepublika hurbilduz.

XX. mendearen hasieratik Berrezarkuntzaren erregimen politikoa ahulduz joan zen, eta gero eta ezegonkorrago bihurtu. Francisco Silvelaren onbideratze saioak porrot egin ondoren, Antonio Maura iraultza goitik egiten ahalegindu zen, baina 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoak eman zion amaiera[1]. José Canalejasen erreforma ezkertiarrek ere ez zituzten arazo estrukturalak konpondu. Haren agintaldiak amaiera trajikoa izan zuen, 1912ko azaroaren 12an erahila izan baitzen[2].

Era horretan, Berrezarkuntzako alderdi tradizionalak ahuldu ahala, alderdi errepublikanoak eta langile higikundeak (CNT, PSOE-UGT) gizartearen onespena lortuz joan ziren. Lehen Mundu Gerran (1914-1918) Espainiak neutral iraun zuen eta, esportazioei esker, ekonomiak hazkunde handia izan zuen. Baina, premia-premiako gaiak urritu eta prezioak goiti egin zutenez gero, gizarte tirabirak handitu ziren[3]. Errusiako Iraultzak zirrara izugarria sortu zuen, eta erreferente bilakatu zen langile higikunde iraultzaileentzat.

1910eko eta 1920ko hamarkadetan krisia larriagotu zen. Biztanle gehienen nahiaren kontrakoa eta onura ekonomikorik gabekoa bazen ere, Rifeko gerra ohore kontua zen armadarentzat. Baina, mailaz igotzeko sistema zela eta, armadaren barnean zatiketa sortu zen, afrikanistek gerra merezimenduak defendatzen baitzituzten ohiko antzinatasunaren aurka. Ezinegon horren ondorioz, Defentsa Juntak izeneko erakunde sindikalak sortu ziren eta, diziplina militarraren aurkakoak baziren ere, Eduardo Datoren gobernuak onartu zituen[4]. Dena dela, armada erabakigarria izan zen 1917ko abuztuko greba orokorra eta urte bereko Parlamentari Katalanen Batzar Nazionala deuseztatzeko.

1921eko uztailean Abd el Krim, Riftar buruzagiak espainiar armada menderatu zuen Annualen. Annualgo hondamendia kolpe gogorra izan zen Espainiarentzat (13.000 espainiar soldadu hil ziren) eta, porrotaren nondik norakoak ezagutu zirelarik, bertako gizartea biziki gaitzitu zen[5]. Gerra ministroak erantzukizunak argitzeko ikerketa egitea agindu zion Juan Picasso jeneralari. Traba handiak izan zituen arren, Picassok ez zuen amore eman eta 1922ko apirilean 2.433 orriko txostena aurkeztu zuen Parlamentuan. Honen ondorioak arront larriak ziren, armadako agintarien, eta erregearen beraren erantzukizunak agerian uzten zituelako. Baina, 1923ko irailean Primo de Rivera jeneralak estatu kolpea jo zuen, eta txostena legebiltzarrean bozkatua izan zedin galerazi zuen[6].

Kolpea emateko arrazoien artean ez zen txikia izan Espainiaren menpeko nazioen (Euskal Herria, Katalunia, Galizia) abertzaletasunaren gorakada, Primo de Riverak berak aipatu zuenez. Bere ustez, "propaganda separatista lotsagabea" hedatzen ari zen hiru nazio horietan, Espainiaren kalterako [7]. Gogoratu behar da kolpea baina egun bat lehenago, Kataluniako Diadaren karietara, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako abertzaleek 1923ko Aliantza Hirukoitza deitutakoa sinatu zutela, haien nazioen independentzia aldarrikatzen zuena.

Estatu kolpea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Primo de Riveraren adierazpena

ESTATUARI ETA ARMADARI
Espainiarrok: Gogoz baino gehiago beldurrez (beti legearen barruan eta legearen arabera bizi nahi genuen-eta) itxaroten genuen unea heldu da; irrikak jasotzeko, Aberria maite dutenei jaramon egiteko eta politikoei eta 98an hasitako zoritxarren eta inmoraltasunen nolabaiteko erantzule direnei agintea kentzeko unea heldu da, Espainiari amaiera tragikoa eta desohoragarria ekarriko diote bestela (...).

Mugimendu hau gizonena da: gizontasuna argi eta garbi ikusten ez duenak alde batera itxaron dezala, Aberriarentzat prestatzen gabiltzan egun onak heldu arte.

Espainiarrok: Gora Espainia eta Gora Erregea! (...).

Ez dugu gure ekintza justifikatu behar, herriak eskatu eta eginarazten digu eta. Prelatuak, gobernadore ohiak, agintaritza-agenteak, ugazabak, langile-buruak, langileak hiltzea; lapurreta kementsu eta zigorgabeak; diruak balioa gutxitzea; milioiak gastu bereizietan (...).

Azkenik, justuak izan gaitezen, eman diezaiogun puntu bat Gobernuari, jokoaren bizioa jazartzen baitu ahul eta indar askorik gabe (...).

1923ko irailaren 13a

1923ko irailaren 13an Miguel Primo de Rivera Kataluniako kapitain jeneralak estatu kolpea jo zuen, unitate militar gehienen atxikimenduarekin. Matxinadaren azken eragilea Espainiako Gorteetan egitekoa zen Marokoko arazoari buruzko batzarra izan bazen ere, urte hasieratik balizko altxamendu baten inguruko zurrumurrua zebilen, prentsan batez ere. Era berean, irtenbide autoritarioaren aldeko ahotsak ugaritzen ari ziren. Izan ere, Marokoko aferaz gain, gobernua ez zen gai ordena publikoa zaintzeko, Bartzelonan bereziki. 1923ko udan, Alfontso XIII.ak berak militarrez osatutako gobernu bat izendatzekotan ibili zen, baina Antonio Maurak ez egiteko aholkatu zion[8]. Manuel García Prietoren gobernuak militar kolpezaleak (Primo de Rivera eta José Sanjurjo) kargutik kentzeko eskatu zion erregeari, baina honek kolpea babestu zuen, irailaren 15ean Primo de Rivera gobernuburu izendatuz[9].

Irailaren 13an kaleratutako manifestuan, Espainia "politikaren profesionalen eskuetatik" askatzeko beharra azaldu zuen Primo de Riverak[10]. Haren asmoa ez omen zen armada agintean mugarik gabe egotea, baizik eta politikatik at ibilitako pertsona zibilen esku uztea. Ondoko egunetan Madrilgo prentsa, errepublikazalea izan ezik, matxinadaren alde agertu zen. Hasiera batean, erregimen berriak kargugabetu zituen politikariak isilik egon ziren, eta gauza bera gertatu zen sozialistekin. Komunista eta anarkisten protestak, berriz, laster zapalduak izan ziren. Intelektualei dagokienez, gutxi izan ziren (Miguel de Unamuno, Manuel Azaña eta Ramón Pérez de Ayala) hasiera-hasieratik diktadorearen aurkako iritzia azaldu zutenak[8].

Diktaduraren aldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Direktorio Militarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Primo de Riveraren direktorio militarra»

1923ko irailaren 14an, Primo de Riverak gerra egoera aldarrikatu zuen, 1925eko martxoaren 16 arte iraun zuena. Irailaren 15ean, Alfonso XIII.ak Direktorio Militarra ezartzen zuen errege-dekretua promulgatu zuen. Primo de Rivera gobernuburu eta ministro bakar bilakatu zen. Direktorioko gainerako kideak, Indar Armatuen ordezkari Antonio Magaz y Pers kontralmirantea, gehi goi jeneraltza bakoitzeko jeneral bana ziren: Adolfo Vallespinosa, Luis Hermosa y Kith, Luis Navarro y Alonso de Celada, Dalmiro Rodríguez y Padre, Antonio Mayandía y Gómez, Francisco Gómez-Jordana y Souza, Francisco Ruiz del Portal eta Mario Muslera y Planes[11].

Primo de Rivera jenerala eta Alfontso XIII.a erregea, militarrez inguraturik.

Diktadorearen lehenbiziko erabakiek garbi utzi zuten nola gobernatu behar zuen: Gorteak deuseztatzeaz gain, irailaren 18ko dekretu baten bidez, gaztelania ez beste hizkuntza guztiak jendaurrean erabiltzea debekatu zuen eta, orobat, Euskadi eta Kataluniako banderak bezalako sinboloak. Kataluniako Mankomunitatea ere ezdeusean utzi zuen, Alfons Sala kontserbadorea presidente izendatuz, eta probintzia-diputazioak deusseztatu zituen. Askatasun publikoak murriztu, ordezkaritza sistema ezeztatu, berme konstituzionalak bertan behera utzi eta prentsa-zentsura ezarri zen.

Mussoliniren modelo faxistaren itxura bazuen ere, ez zen hain totalitarioa izan eta, batez ere, kontserbadorea izan zen. 1923-1925 bitartean anarkista eta komunistak jazartzeari eman zion, CNT legezkanpotuz eta sozialistengandik banandutako erradikal haiek erreprimituz. Alderdi politikoak ezabatu zituen eta, alderdi bakarreko ereduari jarraituz, Unión Patriótica sortu zuen. Protekzionismoa indartu zuen eta obra publiko galantak hasi zituen.

Agintera iritsi zenean, aurreko asmo abandonistak joan zitzaizkion erabat eta Marokon finkatzeari ekin zion. Alhucemaseko lehorreratzean arrakasta izugarria izan zuen eta Annualeko hondamendia ahazten hasi zen jendea. Frantsesekin bat eginda, Abd el-Krim suntsitzea lortu zuen eta horrek izugarrizko arrakasta eman zion.

Neurri antikatalanistak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gisa honetako neurriak hartu zituzten: Kataluniako mankomunitatea ezdeusean uztea, sardana dantzatzea debekatzea; isunak 200 abokaturi, Bartzelona Abokatu Kolejiatuen gida katalanez mantentzearen alde eginiko proposamena babestu zuelako. Bartzelonako herrialdean izenburua katalanez idatzirik zuten elkarte guztiak behartu zituzten izen hori hamabost eguneko epean gaztelaniaz uztera, bestela egitera bertan behera geratuko baitziren guztiak; eta beste neurri txiki asko, txikiak baina probokazio-maila handikoak, hala nola Cambók Fomento elkartean (enpresarien zirkuluan) pezetaren egoerari buruz eman beharreko hitzaldia debekatzea, gaztelaniaz egiten ez bazen. Hona hemen zertan arrazoitu zuten debeku-mehatxu hura: "ez baita hizlariak esan behar duena inongo espainiarrik ulertu gabeko eskubiderik"[12].

Direktorio Zibila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Primo de Riveraren direktorio zibila»

1925eko abenduan, Marokoko arazoa, itxuraz behintzat, konponbidean zelarik, Primo de Riverak Direktorio Zibila eratu zuen. Severiano Martínez Anido jenerala Barne Arazoetako ministro izendatu zuen, baina Direktorio berriko kide gehienak zibilak ziren, besteak beste, José Calvo Sotelo, Finantza ministroa, Galo Ponte y Escartín, Grazia eta Justizia ministroa, Eduardo Aunós, Lan ministroa, eta Eduardo Callejo de la Cuesta, Irakaskuntza ministroa[13].

1926an Sanjuanada gertatu zen. Altxamenduak ez zuen ezer lortu, baina ezinegona begi bistan zegoen. Primo de Riveraren garai onak alde egin zuten eta erregeak ere ez zuen haren egitekoa ezinbesteko ikusten. 1928an Primo de Riverak Bitzar Aholku-emaile Nazionala bildu zuen; honek zituen 400 kideetatik, gehienak gobernuak berak aukeratu zituen[13]. Biltzarra konstituzio baten zirriborroa egiten hasi zen, baina diktaduraren aldekoen artean zatiketa nabarmena zegoen garai horretarako. Gainera, 1929ko kraxak ez zion Espainiako egoera ekonomikoari onik egin eta inflazioa geldiezina zen. Oposizioa indartzen ari zen eta diktaduraren egunak azkenetan zeudela iragar zitekeen. Azkenean, 1930eko urtarrilaren 28an, dimisioa aurkeztu eta Parisera erbesteratu zen, Alfontso XIII.ari ondorengo egokiak zein izan zitezkeen esan ondoren. Damaso Berenguerrek ordeztu zuen, diktablandari hasiera emanez.

Miguel Primo de Riveraren hitzaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Arazo guztiz larriekin egin nuen topo, gaizki bideraturiko auziak, era anitzeko haserre eta grinen iturburuak guztiak: Marokokoa; terrorismoa, estatuko bizitza ekonomikoa guztiz eragozten zuten adar komunista eta sindikalista sutsuekin; separatismoa, ausarta bezain hedatua, inoiz horren gaitz larri higuingarriaren beldur ez ginen lurraldeetan erroak egiten ari zena".

1926ko irailaren 5ean

Nazioarteko egoera politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Benito Mussoliniren hitzaldia Milanen, 1930ean.

Lehen Mundu Gerrak Europako usadio sozial eta politikoen molde aristokratizatzaileak suntsitu zituen. Baina XIX. mendeko unibertsoa desagertzeak –zahar kutsuko mundua zen, baina osorik koherentea–, zalantzazko eta larritasunezko gizarte egoera bat sortu zuen. Ezkortasunezko giro horretan, liberalismoak izena galdu, bitalismoan eta irrazionalismoan oinarrituriko ideiak zabaldu zirelarik. Biztanleria, bere osoan, politikan inplikatu zenean, zenbait proiektu azaldu ziren integrazio sozialari bide emateko, edo konponbide drastikoak hartu ziren, diktadura militarrak gehienetan: Primo de Riveraz gain, Piłsudski mariskala Polonian, Horthy almirantea Hungarian...[14]

Integrazio soziala bideratzeko egin ziren proposamen berrien artean, gerra ondoan, higikunde ultranazionalista bat kristaldu zen: autoritarioa, indarkeriaren goratzaile, demagogoa, eta sinbolo nazionalistetan oinarrituriko estetika ikusgarri batez hornitua. Higikunde bat (zuzenagoa izango litzateke, nolanahi ere, higikundeak esatea, gertaera historiko bera osatu arren, zein bere nazio berezitasunak nabarmentzen ahalegindu baitziren), higikunde batzuk, beraz, deitura hoberik ezean faxismoak dei ditzakegunak. 1922an Benito Mussolinik Italiako agintea eskuratu zuenean, Europa osora zabaldu zen integraziorako proposamen horren errespetua eta ospea; herrialde guztietan sortu ziren oinarrizko bulkada horrek berorrek bultzaturiko higikundeak, asko eta era askotakoak. Eskuin politikoarekin elkarturik lortu zuten higikundeok agintea, oso harreman estua izan baitzuten beti eskuin sozialarekin. Agintea lortu ondoren, berehala hasi ziren gobernu modu liberalak suntsitzen –totalitarismoan oinarrituriko estatu eredu baten mesedetan– eta sozialismoa borrokatzen (sozialismoa zen integrazio sozialaren beste eredu nagusia Europan)[15] .

Estatu kolpea eman aurretik, Primo de Rivera abandonista zen, hots, Espainiako armada Marokotik ateratzearen aldekoa. Baina 1923tik aurrera bere ikuspegia aldatuz joan zen. Riftarren matxinadari eutsi ezinik, 1924ko martxoan Jebala eta Xauendik erretiratzeko agindua eman zuen. Erretira 1924ko azken hiruhilekoan gauzatu zen, eta espainiar armadak galera handiak izan zituen. Horrez gainera, Abd el Krimen indarra inoiz baino handiagoa zen. Hain handia non, 1925eko udaberrian frantziar kokaguneei eraso egin zien. Baina, ekintza honen ondoren, Frantzia eta Espainiak (ordura arte ez bezala) matxinatuen aurkako gerran elkarlanean aritzea deliberatu zuten. Itun horren emaitzak luze gabe nabaritu ziren: 1925eko iraileko Alhuzemasko lehorreratzeak gudaren norabidea aldatu zuen, eta 1926ko maiatzean Abd el Krim errenditu zen[16].

Erreforma administratibo eta politikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarteari mehatxu egiten zioten arriskuak baztertzeko, Diktaduraren aldekoek ziotenez, gizartearen berritze lana bultzatu behar zen, eta horixe izan zen diktaduraren benetako helburua eta bere izateko arrazoirik sendoena. Horretarako, Primo de Rivera kazikismoa eta Berrezarkuntzaren konstituzio demokratikoa hondatzen zuen ustelkeria desagerrarazten saiatu zen, horiek baitziren abstentzionismo gero eta handiagoaren kausa. Baina, horretarako, gizartea gehiago demokratizatu ordez -hori egin zuen Errepublikak-, herri aginpideari oztopoak jartzen ahalegindu zen diktadura. Konstituzio politika zaharra baztertuz, politika hark adierazten zuen liberalismoa desagerrarazi nahi zuen diktadurak, ez haren hutsuneak zuzendu. Horren erakusgarri izan ziren konstituzio eskubideak ezabatzea, eta alderdi politikoen jarduna debekatzea[17].

Diktaduraren lan berritzaileak udalaren eta probintziaren aginpidea berrantolatzea zuen helburu nagusia, kazikismoaren eraginpetik aldentzeko. Helburu horrexekin zabaldu zen, oso azkar zabaldu ere, 1923ko irailaren 30ean, udal kargu guztiak aldatzeko dekretua. Errejimen berriaren lehen neurrietako bat izan zen hura, oso argi uzten zuena Primo de Riverak ematen zion garrantzia. Emaitzak, ordea, ez ziren larritasunaren maila berekoak gertatu. Diktadurak nahi bezala, klase politikoa berritu zen, kargu kentze eta dimisio etengabeek areagotuta. Kargu aldaketak, gehienetan, gobernari zibilaren agindupekoak izaten ziren eta, era horretan, huraxe bihurtu zen udal bizitzako arbitroa. Eta horrek ez zuen ekarri udalen demokratizatzea, alderantziz baizik[18].

Politika ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haren aurrekoei, eta 1930eko hamarkadan ordeztu zutenei ez bezala, nazioarteko egoera ekonomikoak mesede egin zion Primo de Riverari. Honen politika ekonomikoaren oinarria, garai hartako Europako herrialde gehienetan bezala, interbentzionismoa izan zen. Ahalegin handia egin zuen irabazkin nazionala handitzen, eta honen banaketa hobetzen, xahupen publikoaren bitartez. Horrela, besteak beste, 7.000 km errepide egin ziren. Uraren erabilera integrala ahalbidetzeko, konfederazio hidrografikoak eratu ziren. 1927an CAMPSA sortu zen, petrolioaren monopolioa kudeatu zuen enpresa[19]. Baina, herri ogasuna asko zordundu zen, eta horrek Bigarren Errepublikaren politika ekonomikoa baldintzatu zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: El gobierno de Maura Artehistoria.jcyl.es
  2. Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: El gobierno de Canalejas Artehistoria.jcyl.es
  3. Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: España y la Primera Guerra Mundial Artehistoria.jcyl.es
  4. Alfonso XIII, la crisis de la Restauración. Las crisis de 1909 y 1917. Historiasiglo20.org
  5. La derrota más amarga de ejército Español Abc.es
  6. Julio MARTÍN ALARCÓN: El expediente Picasso, la vergüenza del Ejército de África Laaventuradelahistoria.es
  7. Hermosilla, Gotzon Espainia desegiten ari zen garaia BERRIA, 2023-11-12an
  8. a b Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: El golpe de Estado de Primo de Rivera Artehistoria.jcyl.es
  9. Ángela SANZ COCA: Primo de Rivera, el golpe de Estado para "salvar la patria" Laaventuradelahistoria.es
  10. Primo de Riveraren manifestua Historiabatxi2kotestuak.wikifoundry.com
  11. Reformistas y reformas en la administración española Instituto Nacional de Administración Pública, ‎Instituto Nacional de Administración Pública. Books.google.es
  12. Orden público y militarismo en la España Constitucional (1812-1983)
  13. a b Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: El Gobierno de 1925: el Directorio Civil Artehistoria.jcyl.es
  14. Lur entziklopedietatik hartua.
  15. Lur entziklopedietatik hartua.
  16. Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: Marruecos y la política exterior de la Dictadura Artehistoria.jcyl.es
  17. Lur entziklopedietatik hartua.
  18. Lur entziklopedietatik hartua.
  19. Genoveva GARCÍA QUEIPO DE LLANO: Dictadura de Primo de Rivera: La política económica y social Artehistoria.jcyl.es

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]