Mixel Bergouignan
Mixel Bergouignan | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Baigorri, 1947ko abuztuaren 14a |
Herrialdea | Nafarroa Beherea, Euskal Herria |
Heriotza | Baigorri, 2017ko maiatzaren 4a (69 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | enpresaburua eta nekazaria |
Kidetza | Iparretarrak |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Ezkerreko Mugimendu Abertzalea |
Mixel/Mizel Bergouignan (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1947ko abuztuaren 14a - 2017ko maiatzaren 4a[1]) iparraldeko abertzale eta ezkertiar militantea izan zen, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalean oso sartua.
Iparretarraken borroka armatuan, herri taldeetan eta Ezkerreko Mugimendu Abertzalean aritua. Borroka osotasun batean ikusten zutenen belaunaldi horretakoa. Beste hainbat militante lagunekin ekonomia ikuspegi kolektibo eta sozialetik "herriak bizi behar du" lema gauzatzeko bideak jorratu zituen. Bertako ekoizpena sustatu zuen kooperatiben bidez, ELB sindikatuan eta EHLGn parte hartuta.
Formakuntzaz ingenero agronomo, egunerokoan laborari -behi hazle-, mahastizain edo kudeatzaile, eta geroan sagardogilea zen. 80. hamarkadan laborariek elgarrekin haien tresneria partekatzeko lehen CUMA, iparraldeko lehen esnetegi kooperatiba, Irulegiko mahastizainen kooperatiba sustatzean eta Eztigar sargarno egileen kooperatiban aritua zen. Denbora luzez Irulegiko kooperatibaren arduradun izan zen. Alor honetan, Nafarroa Behereko ekonomiaren sustatzaile nagusietako gisa ikusia izan da, Irulegiko sor-markarekin. Azken urteetan asko bultza zituen sagarrondoak eta sagardoa ere.
Etxauzia Nafartarren Etxea elkartearen lehendakariorde zen.
Frantziako telebistak Iparretarrak erakundeari buruz egindako dokumentalean agertu zen militante gisa bere lekukotasuna ematen.
Bake prozesuan, 2011tik zegoen estatuekiko egoera desblokeatzeko, eta presoekiko pausuaren helburura iristeko, armagabetze prozesuan parte hartuz ezagun egin zen [2]. 2017ko apirilean ETAren behin betiko armagabetzea lortzeko bitartekari lanak burutu zituzten Bakegilak (edo Bakearen Artisauak) zeritzon gizarte zibileko taldeko kideetako bat izan zen.