Leon Battista Alberti
Leon Battista Alberti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Leon Battista degli Alberti |
Jaiotza | Genova, 1404ko otsailaren 14a |
Herrialdea | Genovako Errepublika |
Heriotza | Erroma, 1472ko apirilaren 25a (68 urte) |
Hobiratze lekua | Santa Croce |
Hezkuntza | |
Heziketa | Boloniako Unibertsitatea (1421 - 1425) : zuzenbide |
Hizkuntzak | italiera latina |
Irakaslea(k) | Gasparinus de Bergamo (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa, hizkuntzalaria, kriptografoa, poeta, arkitektoa, arkitekturaren teorikoa, musikaren teorikoa, musikologoa, eskultorea, idazlea, domina-egilea, margolaria, matematikaria, antzerkigilea, organista, zientzialaria, artista, artearen teorikoa, humanista, goi-funtzionarioa eta kirolaria |
Lantokia(k) | Padua Erroma Florentzia Ferrara Florentzia Erroma eta Bolonia |
Lan nabarmenak | |
Mugimendua | Italian Renaissance (en) |
Musika instrumentua | organoa |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Leon Battista Alberti (Genova, 1404ko otsailaren 14a - Erroma, 1472ko apirilaren 25a) Pizkundeko humanista, apaiz, poeta, hizkuntzalari, filosofo eta arkitekto italiarra izan zen. Uomo Universale gisa, Lehen Pizkundeko humanismo idealaren ordezkaria izan zen.
Bizitza eta lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Genovan sortu zen, Florentziatik erbesteraturiko familia handi batean. Venezia eta Paduan humanitateak ikasi zituen eta Bolonian zuzenbidea. 1431n Biagio Molin pontifize-kantzilerraren idazkari kargua eskuratu zuen.
Bi alorretan aritu zen batez ere lanean: batetik, moralista eta idazle gisa eta, bestetik, arkitekto gisa. Dena dela, bi alor horiek sendo lotu zituen bere bizitzan. Sasiko semea zen eta gaztaroan izan zituen zailtasunek eragin handia izan zuten bere lehenengo lanetan. Behin baino gehiagotan izan ziren umezurztegiak bere lanetako gai nagusi. Eta bizi izan zituen zailtasun haiek zirela eta, behin eta berriro aztertu zuen gizakiak inguruan dituen presioei aurre egiteko duen gaitasuna. Osagai horiek azaltzen dira, esate baterako, Philodoxeos fabula (1424) bere lehen lanean eta De commodis literarum atque incommodis (1428-1429) saiakeran.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere elkarrizketetan eta, batez ere, La famiglia (1437-1441) tratatuan iristen saiatua zen oreka eta neurriaren eredua aurkeztu zuen, hura gauzatzearren giza-bertutea (italieraz: virtú) delakoan uste ona ezarriz. Herri-hizkuntzaren erabileraren alde egin zuen lehenetarikoa izan zen, 1443an lehen gramatika italiarra idatziz.
Fisikaz eta matematikaz adina moralaz eta literaturaz interesaturik, arkitekturak ere haren ardura erakarri zuen. Antzinako Erromako monumentuak ikertu zituen, pinturari (De Pictura, 1436, Brunelleschiri eskainirikoa) eta eskulturari (De statua 1451) buruzko Pizkundeko lehenengo teoriazko lanak idatzi zituen, eta hirugarren lan bat ere hasi zuen, aurrekoak baino zehatzagoa, arkitekturari buruzkoa. 1450ean bukatu zuen bere lan nagusi hau, De re aedificatoria, hamar aletan, 1485 arte argitaratu ez zen arren. Lehen aipatutako alorrez gainera, hainbat poesia molde (eresiak, eglogak, sonetoak...) ere landu zituen.
Arkitektura lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berrogei urte bete zituen arte ez zen arkitekto profesional gisa hasi. Ordura arte teorialari lanean aritu zen bakarrik, eta artearen inguruko saiakerak egin zituen. 1430. urtetik aurrera bere garaiko artista ospetsuenen mailara iritsi zen, eta garai hartan hasi zen amateur gisa artean lanean. 1446an, Brunelleschi hil zenean, arkitekturaren lehen mailara igaro zen.
Florentziako Palazzo Rucellai eraikitzeko proiektua Medici jauregiaren kritika bat dela esan daiteke. Erlaitz sendoko eraikina da, hiru solairukoa. Aurrealdea zorrotza eta klasikoa du guztiz. Hiru harroin ordena ditu elkarren gainean jarrita, eta zutabe batetik bestera tarte zabala dago, Koliseoan bezala. Hala ere, Albertiren zutabeak ez dira oso irtenak, eta horregatik hormaren osagai direla ematen du. Fatxadak gainalde bakarrekoa dela dirudi eta, esan daiteke, bertan Koliseoaren kanpoaldearen diagrama lineal bat egin zuela artistak. Eraikuntza abstraktu eta teoriko horren logika ulertu ahal izateko kontuan hartu behar da Albertik baliabide berri bat aurkitu zuela konposizio mota horretan, Pizkundeko arkitekturan oinarrizkoa izango zena. Klasikoa ez den egitura baten kanpoaldean, sistema klasikoa erabiltzean datza baliabide hori.
Riminiko San Francesco elizaren kanpoalderako, ordea, irtenbide erabat bestelakoa aurkitu zuen. 1450. urte inguruan Sigismundo Malatestak San Francesco eliza gotikoa aldatzeko eta, han bertan, ospearen tenplua eraikitzeko, eta panteoi bat egiteko beretzat, bere emaztearentzat eta bere gorteko humanistentzat agindu zion Albertiri. Antzinako monumentua Pizkundeko maskor moduko batean bildu zuen, eta maskorraren aldeetan horma-konka sartuak eta soilak, arkuetan amaituak, egin zituen. Arku horietan harrizko sarkofagoak zeuden sartuta. Fatxadan mota horretako hiru horma hilobi daude: handiena ate nagusian dago eta beste biak, gaur egun itxiak, Sigismundoren eta bere emaztearen hilobiak gordetzeko helburuarekin egin zituen. Bi horma hilobi horiek zutabeak dituzte alboetan, Antzinako Erromako garaipen arkuen egiturei jarraituaz. Palazzo Rucellain ez bezala, zutabe horiek ez daude horman erabat txertaturik eta osagai askeak direla dirudi. Bestalde, elkarrengandik banandurik dauden euskarrien gainean daude zutabeak eta kapitelen gainean taulamendu bat nabarmentzen da. Proiekzio horren bidez, gehiago nabarmentzen dira lerro bertikalak horizontalak baino. Zutabeek goiko solairuko osagai garrantzizkoren bati eusten diotela ematen du. Albertik kupula bat marraztu zuen lehenengo proiektuan, baina ez zen eraiki. San Francesco elizan nabarmena da Antzinako Erromako eraikuntzen kutsua.
Mantuako San Andres basilikan (italieraz: Basilica di Sant'Andrea) Albertik tenplu klasiko bateko fatxadari garaipen arkua jarri zion gainean. Eraikin honetan, berriz ere, zutabe ez oso irtenak erabili zituen baina, hala ere, inguruan jarri zizkien osagaien ondorioz, aurreko eraikuntzetan baino irtenago egin zituela ematen du. Zutabeak bi neurritakoak dira eta handienak arkitrabeari erantsita daude. Eliza horretako fatxada, fisikoki, eraikinaren gorputz nagusiaren desberdina baldin bada ere, estetikari dagokionez, barrualdean jarraitasuna dauka, kanpoko proportzio berak agertzen baitira, eta baita garaipen arkuaren irudia ere. Fatxada, hortaz, barrualdean ikusiko denaren aurrerapena da. Dena dela, San Andres basilika -han bertan, lehenago ere, eliza bat zegoen- ez zuen Arkitekturari buruzko saiakera liburuko ereduaren arabera eraiki. Erlijiozko eraikuntzek biribilak edo biribiletik eratorriak (laukia, hexagonoa, oktogonoa, etab.) izan behar zutela azaldu zuen liburu hartan Albertik, biribila baita irudi perfektoena eta, aldi berean, naturalena. Hortaz, biribila zen jainkozko arrazoiaren irudi zuzena. Albertiren eliza idealak harmoniaz betea behar zuen izan, Jainkoak egina balitz bezala, eta eliztarren behatze errukitsua sortu behar zuen. Isolaturik egon beharko luke, haren iritziz, eguneroko bizitzaren gainetik. Argia oso irekiune garaietatik sartu beharko litzateke elizara, eta irekiune horietatik zerua bakarrik ikusi beharko litzateke. Hortaz, oin zentraleko eliza zen bere ereduetara hurbiltzeko bide bakarra.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/11/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leon Battista Alberti |