Konstantinoplako II. kontzilioa
Konstantinoplako II. kontzilioa | |
---|---|
Jatorrizko izena | (grc) Β΄ Σύνοδος της Κωνσταντινούπολης |
Mota | kontzilio ekumeniko |
Honen parte da | first seven ecumenical councils (en) |
Denbora-tarte | 553ko maiatzaren 5a - 553ko ekainaren 2a |
Data | 553 |
Kokaleku | Konstantinopla |
Konstantinoplako II. kontzilioa (5. kontzilio ekumenikoa) 553ko maiatzaren 5etik ekainaren 2ra egin zen Konstantinoplan (g. e. Istanbul). Justiniano enperadoreak deitu zuen eta Eutikio patriarkaren gidaritzapean burutu zen. Gehienbat Ekialdeko Elizetako kideak izan ziren bertan.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaltzedoniako kontzilioan monofisismoa gaitzetsi zen arren, joera horretako kristauak oraindik ugari ziren Ekialdean, bereziki Egipton. Justinianok uste zuen talde erlijioso hori arriskutsua zela, bereziki indarra hartuz joanez gero Egipto (garai batean Inperioko garautegia izandakoa) bere kontrolpetik kanpo geldituko zelakoan. Horren aurrean ediktu bat kaleratu zuen zenbait teologo monofisita eta nestorianista gaitzetsiz eta beraien idazlanak debekatuz.
Vigilio aita santua ez zegoen gaitzespen horrekin ados, baina enperadoreak behartu egin zuen ediktuari babesa ematera. Egoera honek ezinegona sortu zuen Mendebaldeko elizetan eta Aita Santuak enperadoreari kontzilio berri bat egiteko eskatu zion eta artean ez zela inolako erabaki gogorrik hartuko. Enperadoreak uko egin zion akordioari eta ediktua berriz indarrean jarri zuen. Aita Santuak, horren aurrean, ediktua babesten zutenak eskumikatuko zituela mehatxatu zuen.
Justinianok, Elizaren zatiketa saihestearren, kontzilioa deitzea onartu zuen Konstantinoplan. Lekua ez zen Aita Santuaren gustukoa, Mendebaldeko gotzain gutxi egongo ziren bertan eta bere korrontea gutxiengoan zegoen. Horregatik, uko egin zion kontzilioko buru izateari. Horren ordez, Eutikio patriarkak gidatu zuen.
Kontzilioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontzilioan enperadorearen postura gailendu zen. Joandako gotzain gehienek hasierako ediktua babesten zuten erabaki kanonikoak hartu zituzten, nahiz eta Aita Santuak bestelako dokumentu bat aurkeztu. Dokumentu horretan ediktuak gaitzesten zituen idazle batzuk salbatzen ziren.
Enperadoreak Aita Santuari erbesteratze mehatxua egin zion bere dokumentua onartu ezean. Horregatik, Aita Santuak berak kontzilioaren aurrean agertu behar izan zuen ediktuari babesa emanez. Horrez gain, Origenesen zenbait lan gaitzetsi ziren, platonismoaren jarraipena zirelakoan.