Ernest Lluch
Ernest Lluch i Martín (Vilassar de Mar, Katalunia, 1937ko urtarrilaren 21a - Bartzelona, Katalunia, 2000ko azaroaren 21a) ekonomialaria eta politikaria izan zen, PSC alderdiari lotua. Osasun eta Kontsumoko ministro izan zen 1982. eta 1986. urteen bitartean.
2000. urtean ETAk hil zuen, 63 urte zituela. Hiru alaba zituen: Eulàlia, Rosa eta Mireia.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomia Jakintzetako doktore Bartzelonako Unibertsitatean, Pariseko Sorbonan zabaldu zituen ikasketak. Bartzelonako Unibertsitateko irakasle laguntzaile zela, espedientea egin, hainbat alditan atxilotu eta Unibertsitatetik bota zuten Frankismoaren aurkako jardueragatik.
Valentziako Unibertsitateko Ekonomiako katedraduna (1974) eta Bartzelonako Unibertsitate Zentraleko Doktrina Ekonomikoen Historiako katedraduna izan zen. Bere azken kargu ofiziala Santanderko Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko Erretoretza izan zen, 1989tik 1995era.
1977an diputatu aukeratu zuten Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan, Socialistes de Catalunyako (PSOE eta PSC-Congrès koalizioa) zerrendaburu izan baitzen Gironako barrutian. 1979an berraukeratua izan zen Gironatik, dagoeneko PSCren ordezkaritzat; eta 1982an berriro ere, baina Bartzelonatik. 1980ko apirilean Espainiako Kongresuko PSOEko kide katalanen bozeramaile aukeratu zuten. 1982an Felipe Gonzalezek Espainiako Osasun eta Kontsumoko ministro izendatu zuen bere lehen agintaldirako, eta horretan aritu zen 1986 arte. Bere agintaldiko gertakari garrantzitsuena 1984ko Osasun Lege Orokorra da; izan ere, Lluch izan zen lege horren ekarle nagusia, eta lege horretan jarri baitziren osasun-laguntza unibertsalerako oinarri legalak.[1]
1986ko maiatzean, politikaren lehen lerroa utzita, Doktrina Ekonomikoen Historiako katedra berreskuratu zuen Bartzelonako Unibertsitate Zentralean. 1989ko urtarrilaren 2an Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko (UIMP) errektore izendatu zuten. 2000. urtean, irmo zabaldu zuen Begoña Urroz titiko umea izan zela, 1960an, ETAk hildako lehen biktima.[2] Espainiako Kongresuak eta Nazio Batuen Erakundeko espainiar ordezkariak teoria hori bere egin eta zabaldu zuten.[3] Teoria hori, lehenago eta geroago, gezurtatua izan zen.[4][5][6]
Bazuen Donostiarekiko lotura, eta Elkarri elkarte bakezaleko kide izan zen. Bakea lortzeko eta giza eskubideak errespetarazteko bidetzat elkarrizketaren eta zubi-lanaren aldekoa zen; baina hain justu hori izan zen, ETAko kideek ondoren aitortu zutenez, bera hiltzeko arrazoi nagusia.[7]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- El pensamiento económico en Cataluña entre el renacimiento económico y la revolución industrial: la irrupción en la escuela clásica y la respuesta proteccionista (1970)
- La vía valenciana (1975)
- La Cataluña vencida del siglo XVIII: claroscuros de la ilustración Catalunya vençuda del segle XVIII. Edicions 62, (1996) (katalanez)
- Las Españas vencidas del siglo XVIII: claroscuros de la Ilustración. Editorial Crítica, (1999)
- La alternativa catalana (1700-1714-1740)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ 1986ko apirilaren 25eko 14/1986 Legea, "Osasun Lege Orokorra"
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿La primera víctima de ETA?» El Correo 2010-06-19 (Noiz kontsultatua: 2019-10-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) «El Gobierno español reconoce que Begoña Urroz fue víctima del DRIL, y no de ETA» naiz: 2019-06-25 (Noiz kontsultatua: 2019-06-25).
- ↑ Ainhoa OIARTZABAL: «Begoña Urroz afera», Berria egunkariko Igandea gehigarriko erreportaje luzea, 2011-02-20.
- ↑ (Gaztelaniaz) Javier NÚÑEZ: «Verdad eclipsada», Deia, 2010-02-21.
- ↑ Ainhoa OIARTZABAL: «Polizia agirien arabera, DRILek hil zuen Begoña Urroz haurra, ez ETAk», Berria, 2013-05-05.
- ↑ (Gaztelaniaz)«ETA mato a Ernest Lluch porque era un hombre de paz», El País, 2002-07-05.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo-estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ernest Lluch |
- Ernest Lluch Fundazioa.
- «Zubigile baten betaurrekoetatik», Berria, 2020-11-17.
- 1937ko jaiotzak
- 2000ko heriotzak
- Maresme eskualdeko jendea
- Espainiako ministroak
- PSCko politikariak
- ETAk hildakoak
- Espainiako diputatuak II. legegintzaldian
- Espainiako diputatuak III. legegintzaldian
- Kataluniako hargin beltzak
- Bartzelonako unibertsitateko ikasleak
- Parisko Unibertsitateko ikasleak
- Bartzelonan hildakoak