Oman
Oman[1] (arabieraz: عمان, ʻUmān, /ˈuːmaːn/) ahoskatua, ofizialki Omango Sultanerria (arabieraz: سلطنة عُمان, Salṭanat ʻUmān), Ekialde Hurbileko estatu burujabea da, Arabiar penintsularen ekialdean kokatua, Indiako ozeanoaren bazterrean. Arabiar Emirerri Batuak ditu ipar-mendebaldean, Saudi Arabia mendebaldean eta Yemen hegoaldean. 309.500 kilometro koadro ditu luze-zabalean, eta 4,2 milioi biztanle zituen 2016an.[2] Hiriburua Maskat da.
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialdearen izenaren jatorri zehatza ezezaguna da. Eskualdeko aipamenik zaharrenetako batzuk Plinio Zaharraren[3] Omana eta Ptolomeoren Omanon (Όμανον εμπόριον) dira[4], biak, seguru asko, Soharko portuari egiten zioten aipamen[5]. Uste denez, hitz horien jatorri etimologikoa arabiar aamen edo amounetik dator (jende sedentarioa, beduinoen aurkakoa hain zuzen)[5], baina beste eponimo batzuk ere proposatu izan dira (Oman bin Ibrahim al-Khalil, Oman bin Siba' bin Yaghthan bin Ibrahim, Oman bin Qahtan eta Lot biblikoa). Beste batzuek, berriz, izen bera duen Yemengo haran batetik datorrela uste dute, ustez herrialdearen sortzaileen jatorria[6].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oman Arabiar penintsularen hego-ekialdeko muturrean dago, ipar latitudeko 16° eta 28° artean, eta ekialdeko longitudeko 52° eta 60° artean. Arabiako itsasoa du hegoalde eta hego-ekialdean, Omango golkoa ipar-ekialdean, Arabiar Emirerri Batuak iparraldean, Saudi Arabia mendebaldean eta Yemen hego-mendebaldean. Omanen bi esklabe ditu Arabiar Emirerri Batuetan: Musandam penintsula, Ormuzko itsasartearen sarreran estrategikoki kokatua, eta Madha hiria. Masira da herrialdeko uharterik handiena.
Eskualde naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ia lurralde osoa basamortu zelaia da. Iparraldean, Omango golkoaren parez pare, Hajar mendiak daude (3.017 metro), basamortua eta 32 kilometro zabal den itsasbazterra bereizten dituztenak. Basamortuaren hego-mendebaldeko muturrean, Qara mendiak daude (1.463 metro), Dhofar izeneko eskualdean. Euria egiten duen alditan uadi edo ur-lasterrak sortzen dira, mendietatik oasietaraino lurpean zehar doazenak.
-
Omango golkoaren kostaldea, Sur
-
Oasia
-
Hajar mendigunea
Klima eta landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omango klima basamortukoa da, oso beroa eta idorra. Kostaldeko eta mendialdeko klima, ostera, samurragoa da, hezeagoa. Kostaldean 36 °C eta gehiagoko beroa izaten da udan, eta neguan, berriz, 17 °C ingurukoa da tenperaturarik hotzena. Urtean 100 mm euri izaten da. Iparraldeko itsasbazterrean datilondo sailak landatu dira. Mendietan, oasi ugari lurpeko urez hornitzen dira, terrazetan antolatutako landaketak ureztatzeko.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omango lurraldea K.a. 1530. urtearen inguruan Egiptoko Gizeh esfingean grabatutako tableta batean agertzen da. Greziar eta latindar geografoek (Ptolomeo, Plinio) arabiar penintsularen zati honen berri izan zuten. III. mendearen hasieran, Hiratik (Mesopotamia) zetorren buruzagi arabiar batek, Omanen, erresuma bat ezarri zuen, eta bere independentzia mantendu zuen islama agertu zen arte (VII. mendea). Mascate, beti Omanen historiari lotua egon zena, erdigune garrantzitsua izan zen K.a. VI. mendetik aurrera, sasandarrek portua kontrolatu zutenean. Omandarrek VII. mende berean onartu zuten islama. Lehen kalifen mendean, herrialdeak, botere-guneetatik oso urrun (Mekatik edo Damaskotik), ia existentzia politiko independentea eraman zuen, Afrikako ekialdeko kostaldearekiko merkataritzatik biziz. Omandarrek beren lehen iman independentea 751. urtean aukeratu zuten, Damaskoko omeiatar kalifa-herria erori eta kalifa-egoitza Bagdadera aldatu zenean. Oman Bagdadeko kalifa-herriko jariyar disidenteen babesleku bihurtu zen. Jariyen mugimenduaren Ibadi adarra izan zen Omanen gailendu zena XIII. mendean. Adar horretakoa izan zen imanen lehen dinastia[7].
1508an, portugaldarrak Maskat hartu eta kostaldean finkatu ziren, baina Omango Yaariba dinastiak Maskat askatu zuen 1650ean eta portugaldarrak Persiako eta ekialdeko Afrikako kostaldetik egotzi zituen, Zanzibar eta portugaldarrei hartutako lurraldeak hartzen zituen inperio zabal bat eratuz. XVIII. mendean, gerra zibilak izan ziren, eta Persiak, egoera horretaz baliatuz, lurraldea hartu zuen. 1744. urte inguruan, Ahmad ibn Said, Soharko gobernariak persiarrak egotzi zituen eta, hala, imam izendatu zuten. Harrezkero, Omango aginpidea Said dinastiaren eskuetan izan da, eta sultanak dira agintariak. Garai batean, Omango Sultanerriaren hiriburua Zanzibarren izan zen. Geroago, Omango inperioa bi semeren artean banatu zen: bati Zanzibar eta besteari Oman egokitu zitzaien.
XIX. mendetik aurrera Omango politika eta ekonomia Britainia Handiaren eraginpean egon zen. Halaber, liskarrak izan ziren Omango leinuen eta aginpidean zegoen dinastiaren artean, leinuak agintaritza, sultanari ordez, imamari zegokiolakoan baitzeuden. 1951n, Britainia Handiaren eta Omanen arteko adiskidetasun hitzarmen baten bidez, sultanerriaren askatasun osoa onartu zen, Said bin Taimur sultan zela. 1964an, Dhofar eskualdearen askatasuna aldarrikatzen zuten leinuak, Yemenen laguntzaz, Omanen Askapenerako Frontea gerrilla sortu eta burujabetasunaren alde borrokatu ziren.
Said ben Taimur sultana bere seme Qabus Bin Saidek kendu zuen kargutik, estatu-kolpe batean, 1970ean. Qabus ibn Said aldenduz joan zen aitaren politika tradizionalistatik; horrela, berrikuntza asko egin zituen, bai politikan, bai ekonomian. Demokrazia finkatzeko urrats batzuk egin zituen, adibidez Aholkularitza Biltzarra sortu zuen 1981ean eta Aholkularitza Kontseiluak hartu zuen haren lekua 1991n (emakumeak onartzen dira kontseilu horretan 1995az gero); ekonomian herrialdea modernizatzeko ahaleginak egin zituen, atzerriko inbertsioak erakarriz eta atzerriko dibisen sarrerari ezartzen zitzaizkion hainbat oztopo desagerraraziz; berak eman zion Omani lehenengo konstituzioa edo oinarrizko legedia 1996an.
Qabus ibn Saidek, Hego Yemenen laguntzaz, Dhofarren askatasuna aldarrikatzen zuen Omango Askapenerako Fronteari aurre egin behar izan zion bere agintaldiaren lehen urteetan, 1970-1979 bitartean batez ere. Irango gudarostearen laguntza eskatu zuen gerrilla deuseztatzeko, eta 1982an, Yemenek eta Omanek elkar ezagutu zutelarik, egoera bere onera etorri zen. 1980an, Sobietar Batasuna bere eragina areagotzen ari zela ikusirik, hitzarmen bat sinatu zuen Estatu Batuekin eta laguntza militarra jaso zuen haiengandik, Omanen base militarrak ezartzeko baimenaren truke.
1991. urtean, Golkoko Gerran Iraken kontrako aliantza militarrean parte hartu zuen. Golkoko krisiaren eraginez petrolio ekoizpena igo egin zen, eta horrekin batera petrolioaren prezioa igo izanak 1980ko hamarkadako krisi ekonomikoari aurre egiteko aukera eman zion zion Omani. 1992an Yemenekiko mugak zehazteko itun bat sinatu zen, eta 1997an sartu zen indarrean. 1994an Israelekin adiskidetzeko prozesua abian jarri zen, eta 1997an herrialde harekin harreman diplomatikoak hasi zituen arren, bertan behera gelditu ziren, Israelgo agintari Benjamin Netanyahuk Palestinako auzian egindako politika eta Saudi Arabiaren presioa zirela-eta.
1998an, azkenik, eta konstituzioaren ondorioz, Estatu Kontseilu bat finkatu zen legegintzako zereginak aurrera eramateko, eta Aholkularitza Kontseiluari Senatuaren gisako zereginak eman zitzaizkion; bi erakundeok Omango Kontseiluan biltzen dira. Urte hartan sortu zen, orobat, Epaitegi Gorena. 2002an Qabus sultanak boto eskubidea 21 urtetik gorako herritar guztiei ematea erabaki zuen. Ordu arte talde hautatu batek (tokiko agintariak, intelektualak eta enpresaburuak) baino ez zuen botoa emateko eskubidea. Langabezia murrizteko helburuarekin, gobernua saiatu zen atzerriko langileen ordez bertako langileak jartzen eta sektore pribatua sustatzen; izan ere, iturri ofizialen arabera, Omango biztanleen laurdena atzerritarrak ziren. 2003an egin ziren lehenengo hauteskunde unibertsalak 21 urtetik gorako herritar guztientzat, eta emakume batek lortu zuen ministro kargu bat lehenengo aldiz Omanen. 2005ean, 31 lagun bat eta 20 urte bitarteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten, gobernua armen bitartez kentzen ahalegindu izanaren salaketapean. Handik hilabetera, ordea, barkatu egin zieten zigorra.
Gobernua eta administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oman sultanerria da, sultan baten aginpidean dagoen lurraldea. Oinordetzako monarkia absolutista motako erregimena du, beraz, eta sultana da estatuburu eta gobernuburua. Ez da konstituziorik, ezta alderdi politikorik ere, baina 1996an oinarrizko legedi berri bat eman zuen sultanak, zeinaren arabera zehaztu baitziren, besteak beste, sultanaren ondorengotza, sultanaren eta kontseiluaren zereginak, Omango hiritarren oinarrizko askatasun zibilen babesa, etab.
1990eko hamarkadaren hasieratik, hauteskundeen bitartez aukeratzen da Aholkularitza Kontseilua (Majlis ash-Shura) 85 kide dituena. 2003tik 21 urtetik gorakoek dute boto emateko eskubidea; emakumeek ere parte har dezakete eta hautagaiak izan. Estatu Kontseiluko (Majlis ad-Dawla) kideak, berriz, sultanak berak aukeratzen ditu.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011ko urriaren 11tik, Oman 11 gobernoratotan (muhafazah) dago banatua, eta gobernorato bakoitza zenbait barrutitan (wilayat):[8]
Zenb. | Gobernoratoa | Arabieraz | Hiri nagusia | wilayatak |
---|---|---|---|---|
1 | Ad Dakhiliyah | منطقة الداخلية | Nizwa | 8 |
2 | Ad Dhahirah | منطقة الظاهرة | Ibri | 3 |
3 | Ipar Al Batinah | محافظة شمال الباطنة | Sohar | 6 |
4 | Hego Al Batinah | محافظة جنوب الباطنة | Rustaq | 6 |
5 | Al Buraimi | محافظة البريمي | Al Buraimi | 3 |
6 | Al Wusta | المنطقة الوسطى | Haima | 4 |
7 | Ipar Ash Sharqiyah | مُـحَـافَـظَـة شَـمَـال الـشَّـرْقِـيَّـة | Ibra | 6 |
8 | Hego Ash Sharqiyah | مُـحَـافَـظَـة جَـنُـوب الـشَّـرْقِـيَّـة | Sur | 5 |
9 | Dhofar | محافظة ظفار | Salalah | 10 |
10 | Maskat | محافظة مسقط | Maskat | 6 |
11 | Musandam | محافظة مسندم | Khasab | 4 |
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an 4.424.762 biztanle zituen.[2] Azpimarratzekoa da biztanleriaren gaztetasuna, 0-14 urte bitartean baitago biztanle guztien % 30,1 eta 15-24 bitartean % 18,7; 25-54 urte bitartekoak % 43,8 dira, 55-64 urte bitartekoak % 3,9 eta 65 urtetik gorakoak % 3,5. Biztanle kopuruaren hazkundea 2,03koa izan zen 2017an, eta ugalkortasun-tasa osoa emakumeko 2,82 haur. Bizi itxaropena 75,7 urtekoa da; 73,7 urtekoa gizonezkoena eta 77,7 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[9]
Banaketa etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biztanleen % 54 omandarrak dira (arabiarrak) eta % 46 etorkinak (balutxiak, pakistandarrak, indiarrak, srilankarrak, bangladeshtarrak eta afrikarrak).[10][9]
Hizkuntzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiera da hizkuntza ofiziala, baina ingelesa, balutxia, urdua eta zenbait dialekto indiar ere erabiltzen dira.
Erlijioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musulmanak % 85,9 dira, kristauak % 6,5, hinduistak % 5,5, budistak % 0,8, eta juduak % 0,1 baino gutxiago. Omandar jatorrikoak bakarrik kontuan hartuz, musulmanak % 95 dira: % 45 suniak, % 45 ibadhiak eta % 5 xiiak.[9]
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oman: biztanle gehien duten udalerriak http://www.geonames.org/OM/largest-cities-in-oman.html | |||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Post. | Izena | Muhafazah | Biztanleak | ||||||
Maskat Seeb |
1 | Maskat | Maskat | 797.000 | Salalah Bawshar | ||||
2 | Seeb | Maskat | 237.816 | ||||||
3 | Salalah | Dhofar | 163.140 | ||||||
4 | Bawshar | Maskat | 159.487 | ||||||
5 | Sohar | Ipar Al Batinah | 108.274 | ||||||
6 | Suwaiq | Ipar Al Batinah | 107.143 | ||||||
7 | Ibri | Ad Dhahirah | 101.640 | ||||||
8 | Saham | Ipar Al Batinah | 89.327 | ||||||
9 | Rustaq | Hego Al Batinah | 79.383 | ||||||
10 | Al Buraimi | Al Buraimi | 73.670 |
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Omanek baliabide natural aberatsak ditu petrolio, kobre, gas natural eta asbestotan batez ere, eta gaur egun Omango ekonomiak lotura estua du gas eta petrolioaren industriarekin. Estatuaren diru sarreren %68-85 inguru hartzen du petrolioak,[9] esportazioen %90 eta barne produktu gordinaren %40. Dena dela, gaur egungo ekoizpena mantenduz gero, hogei urtean agortuta egongo dira bertako erreserbak.
Nekazaritza bertako beharrak asetzera bideratua da, lurra ez baita oso oparoa eta ureztatu beharra baitu eta, oro har, inportatutako elikagaien beharra dute; fruta da Omanen lantzen den nekazaritzako gai nagusia (lima, mangoa, banana), eta datilak esportatzen dituzte. Biztanleen %70 inguruk dihardu nekazaritzan. Gobernua inbertsio pribatuak, Oman bertakoak zein atzerrikoak, bultzatzeko ahaleginak egiten ari da. 1998-1999 urteetan kalte handiak eragin zituen ekonomian petrolioaren prezioaren beherakadak. Azpimarratzekoa da, azkenik, Golkoko Gerraren ondoren gastu militarrak asko igo zirela eta, horrela, 1995ean esaterako, gastu publikoaren %36,5 hartu zuten, eta gastu sozialak berriz %26,3ra jaitsi ziren.
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2010. urtean, Oman Tourra sortu zen. 2020. urteko ekitaldia bertan behera utzi zuten sultanaa hil zelako. Munduko txirrindularirik honenak bertan izan dira eta adibide gisa Chris Froome eta Vincenzo Nibali Tourra irabazi dute.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-8-3 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
- ↑ (Gaztelaniaz) Historia natural (obra de Plinio). 2022-10-11 (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
- ↑ (Gaztelaniaz) Geografía (Ptolomeo). 2022-12-02 (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
- ↑ a b (Ingelesez) E.J. Brill's First Encyclopaedia of Islam 1913-1936. BRILL 1987 ISBN 978-90-04-08265-6. (Noiz kontsultatua: 2023-02-15).
- ↑ Tarikh fi Uman [Oman in History]
- ↑ Julio López Davalillo; "Guía de los países y territorios del mundo", Editorial Síntesis, Madrid 2004.
- ↑ Governorates of Sultanate Of Oman. Ministry of Information, omanet.om (Noiz kontsultatua: 2018-8-18).
- ↑ a b c d Oman. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2018-8-20).
- ↑ 2010eko erroldaren emaitzak, Sultanate of Oman Ministry of National Economy, moneoman.gov.om
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.