Gramatika sortzaile
Gramatika sortzailea edo gramatika generatiboa 1950eko hamarkadan jaio zen hizkuntzalaritza eskola bat da. Gramatikari deskribatzaileak hizkuntzaren egitura aztertzen duen bitartean, gramatika sortzaileak hizkuntzaren sakoneko egitura (B-hizkuntza) ikertzea du helburu; bereziki hizkuntza ume-umetatik dakitenek ezagutzen dituzten arauak edo gaitasuna (competence, hizkuntzaren senezko ezaguera), eta hizkuntzaren aldian-aldiko erabiltzeak edo ekintzak (performance) aztertzen ditu. Gramatikari sortzaileen arabera, gramatika guztiek eredu bera dute (gramatika unibertsala) eta eredu hori ikertu eta formalizatzea da hizkuntzalarien lana. Horrela, gramatika sortzailearen helburu nagusia giza hizkuntzaren natura, jatorria eta eboluzioa ikertzea da. Beraz, hizkuntzalaritza kognitiboak ez bezala, ez du hizkuntzaren dimentsio kognitiboa eta psikologikoa lantzen; ezta gizartean duen lekua eta erabilera ere: horretaz soziolinguistika arduratzen da.
Noam Chomskyk eman zion sorrera bere Syntactic Structures liburua argitaratu zuenean (1957). Oihartzun handia sortu zuen, eta geroztik aldatzen eta garatzen joan da.
Oinarri teorikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ordura arte ez bezala, gramatika sortzaileak ikuspuntu naturalista bat hartu zuen. Hizkuntza gaitasun natural, genetiko bezala kontsideratzen da (ikuspuntu internista), burmuineko atal batek kudeatua (ikusmena, entzumena, eta abar bezala). Hartara, hizkuntza natur zientziak ikertzeko erabiltzen den metodo berdinekin ikertu behar zela azpimarratzen zen, besteak beste dedukzioa eta enpirismoa erabiliz.
Hizkuntzalaritza Chomskyarraren jatorri filosofikoa objektibismoan dago. Oinarri hau honela laburbildu daiteke:
- Errealitatea objektiboa da. Beraz, enuntziatuek egia esango dute errealitatea fidelki islatzen dutelarik eta gezurra, ez badute errealitatea fidelki islatzen. Adibidez, demagun honako adierazpen hau egia dela: "X pertsonak ez du bere burua sarritan garbitzen". Kasu honetan:
- X pertsonak sarritan garbitzen du bere burua => gezurra da, ez baitu garbitzen.
- X pertsona zerri bat da => gezurra da; ez baita zerri bat, gizaki bat baizik.
- Hitzen esanahia finkoa eta aldaezina da: hau da, hitz berak ez du zentzu ezberdinik erabiltzen duen pertsonaren arabera edo testuinguruaren arabera. Beraz, gai gara (giza hizkuntza gai da) errealitatea objetiboki islatzeko, baldin eta hizkera literal bat erabiltzen badu (eta ez irudizkoa edo poetikoa).
Metodologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gramatika Sortzailean bi hizkuntza mota ezberdintzen dira: K-hizkuntza (E-language, External language) eta B-hizkuntza (I-language, Internal language). Ezberdintze hau Ferdinand de Saussureren parole eta langue kontzeptuetatik oso hurbil dago. B-hizkuntza inkontzienteki ezagutzen ditugun gramatika legeak liratezke, eskola honek competence deitzen duena. Idealki, edozein hizkuntzatako hizlari bat gai litzateke hizkuntza hori perfektuki mintzatzeko, denok baitugu B-hizkuntza jaiotzetik. Ez da hori gertatzen, ordea, eta K-hizkuntza bat sortu eta erabiltzen dugu: eskola Chomskyarrak performance deitzen dio honi. Elkarrekintza soziokulturalengatik, nekeagatik, presagatik... eta abarrengatik, B-hizkuntza eraldatu egiten dugu K-hizkuntza bilakatu arte.
Gramatika sortzaileak, beraz, ez du K-hizkuntza existitzen denik ukatzen, baina B-hizkuntza ikertzeaz arduratzen da.
Gramatika Unibertsala: GU
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Noam Chomsky eta bere jarraitzaileen arabera, hizkuntza guztiek oinarrizko gramatika lege berdin batzuk dituzte. Printzipio eta parametroen teoria kontuan harturik, hau litzateke umea hazten doan heinean burmuinean gertatzen zaiona:
- Jaiotzen garenetik printzipio edo hatsarre orokor batzuk[1] ditugu, edozein hizkuntzetan topatu daitezkeenak: Gramatika Unibertsala. (Adb., hizkuntza guztiek dituzte aditzak eta izenak).
- Gure ingurutik jasotzen ditugun datu linguistikoetan oinarrituta (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez... hitz egiten entzuten badugu), beste lege ez hain orokor batzuk (Parametroak) aktibatu egingo dira, edo ez: B-hizkuntzaren sorrera.
- Gure inguruaren, testuinguruaren, egoera fisikoaren eta abarren arabera, modu batera edo bestera moldatuko dugu B-hizkuntza hori: K-hizkuntza.
Printzipio batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- X'-ren printzipioa
- θ-ren printzipioa
- Kasuen printzipioa
- Endozentrizitatearen printzipioa
- Egiturarekiko dependentziaren printzipioa (structure dependence principle)
Parametro batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Subjektu nuluaren parametroa (pro-drop parameter): hizkuntza batzuetan, subjektu sintaktikoa ezin da esalditik kendu:
- María come pan
- Come pan
Gaztelaniaz, bi esaldiak gramatikalak dira.
- Marie mange du pain
- *Mange du pain
Frantsesez, ordea, bigarrena ez da gramatikala: subjektua ezin da kendu esalditik.
- Nukleoaren parametroa: hizkuntza batzuek osagarria (esaldiaren zati handiena) nukleoa agertu baino lehen jartzeko joera dute, hau da; Subjektu-Objektu-Aditz egitura dute (besteak beste): adb. euskarak, turkierak, japonierak... Beste batzuk, aldiz, osagarria nukleoaren atzetik jartzeko joera dute, hau da; Subjektu-Aditz-Objektu egitura bat dute (adb. gaztelania, frantsesa, ingelesa...).
- Nire etxeko teilatua (nukleoa: teilatua)
- El tejado de mi casa (nukleoa: el tejado)
- Le toit de ma maison (nukleoa: le toit)
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chomsky, Noam (1965) Aspects of the Theory of Syntax; Syntactic Structures; On Language.
- Escandell Vidal, M.V.; Marrero Aguiar, V; Casado Fresnillo, C.; Gutiérrez Rodríguez, E.; Ruiz-Va Palacios, P. (2009) El lenguaje humano, Editorial Universitaria Ramón Areces (UNED).
- Fernández Fernández, Beatriz eta Ortiz de Urbina, Jon (2007) Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan, UEU.
- Hurford, J. (1990) Nativist and functional explanations in language acquisition. In I. M. Roca (ed.), Logical Issues in Language Acquisition, 85–136. Foris, Dordrecht.
- Isac, Daniela (2008) I-language: An Introduction to Linguistics as Cognitive Science Oxford University Press.
- Mairal Usón, R.; Peña Cervel, M.S.; Cortés Rodríguez, F.J.; Ruiz de Mendoza Ibáñez, F.J. (2010) Teoría lingüística: Métodos, herramientas y paradigmas, Editorial Universitaria Ramón Areces (UNED).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Artiagoitia, Xabier. (2000). Hatsarreak eta parametroak lantzen. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Arabako Foru Aldundia, 446 or. ISBN 9788478214457..