Edukira joan

Alienazio (marxismoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Karl Marx

[1]Karl Marxen alienazioaren teoriak langileek beren giza naturarekiko (Gattungswesen-arekiko) jasaten duten besterentzea deskribatzen du beraien klase kondizioak eraginda. Hala, langileak izaera mekanikoa hartzen du, gizatasunetik urrunduz.

Alienazioaren oinarri teorikoa, lanaren emaitza eta langileen arteko zatiketa, esplotazio harremanek sortua eta zapalduek eurek onartua da. Langileen lanaz ekoizten dena berea ez dela sentiaraztea[2]. Hau da, kapitalismoaren produkzio eraren baitan, da proletalgoak salbuespenik gabe bere bizitza eta etorkizunarekiko erabakimena galtzen duela bere ekintzen jabe ez den heinean: ez da gai ekintza hauen izaera determinatzeko, ez bere harremanak kudeatzeko, ez da ezta bere lan indarraren bidez produzitutako merkantziaren jabe ere. Beraz, langilea funtzio ekonomiko bat betetzen duen subjektu bat bihurtzen da: burgesiaren, produkzio bideen jabegoa duen klasearen, interesei jarraiki existitzen da. Horren ondorioz, azken honek ahalik eta gainbalio gehien xurgatuko dio proletalgoari, kapitalaren akumulazioaren logika segituz.

1844-ko eskuizkribu ekonomiko filosofikoetan, K. Marxek Entfremdung teoria aurkeztu zuen, Ni-aren besterentzea, alegia. Filosofikoki, teoria honen aurrekaria Ludwig Feuerbach-en “La Esencia del Cristianismo” da. Bertan, autoreak naturaz gaindiko jainko batek gizakien berezko natura alienatu duela dio.  Max Stirner-ek Feuerbachen analisia garatu zuen “El único y su propiedad” (1845) liburuan, esaten zuelarik humanitatearen ideia bera eta honen inplikazio filosofikoa zela alienatzailea banakoen ulerkera intelektualerako. “La ideología alemana” (1845) liburuan eman zioten erantzuna honi Friedrich Engels eta Karl Marxek.

Alienazio motak[3]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alienazio kontzeptuaren bidez, bere baitatik zerbait galtzen duen gizakiaren egoera adierazten dugu. Norberaren burua inorentzea, norberaren buruarekiko arrotz bihurtzea. Marxen aburuz, lanarena da alienazio nagusia, eta hortik sortzen dira gainerakoak, sustrai ekonomikoa dutelako.

Alienazio ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alienazio ekonomikoa lan esparruan gauzatzen da eta hain zuzen,jarduera honetan subjektu produktiboak edo langileak sufritzen duen lanaren produktuaren, bere jarduera propioaren eta azkenik bere izatearen espoliazioari egiten dio erreferentzia.

Produktu edo objektuarekiko alienazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak zerbait eraldatuz lanean sortzen duen produktua bere emaitza eta objetu propiotzat hartzen du. Ordez, hola Edo hala, gizaki egilearena den emaitza hori beste pertsona baten jabetza bihurtzen da; hau da, subjektu egilea besteren eta arrotz bihurtzen da subjektu egilearentzat.

Produktuaren diseinua eta ekoizpen forma ez dago hain zuzen, objektua bera produzituko dutenen (Langileen) edo produktua kontsumituko dutenen eskuetan, ordez, ez soilik  manufakturaren, baizik eta ingeniari eta diseinatzaile industrialen lanaren jabe ere dena klase kapitalista da, zeinek, bereak diren faktore guzti horiek erabiliko dituen ahalik eta etekinik handia ateratzeko.[4]

Bestalde, produkzio-sistema hauetan, produktua berak ere azpiratzen eta menderatzen du ekoizlea; hau da, ekoizlea, produktua ekoitzi ahal izateko beste bitartekari edo tresna bat baino ez da eta, hori dela eta, langilearen ongizatea (bai fisikoa eta bai psikologikoa) bigarren plano batean geratzen da ekoitzitako merkantziaren aurrean. Ekotzitako gauzen esklabu bihurtzen da, “gauza” bezala tratatua den bitartean.

Azkenik, Marx labour (lana jarduera bezala) kontzeptuaren bilakaera aztertzen du alienazio mota honen baitan. Sistema kapitalistan, nahitaez, baliozko produktu bat ekoizteko jarduera edo labour bera hori, “truke-balio” bat atxikitu ahal zaion merkantzian bilakatu egiten da, kapitalista bera, langileen eta haien lanaren etekinen jabe bihurtzen duena.

Ekoizpen-jarduerarekiko alienazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan-prozesuan, langileak, bere sormen fakultate propioetatik besterentzen da; izan ere, ez du, burutzen duen jarduera bere esentziaren parte edo jabe dela sentitzen, ordez, kanpoko eta behartua den zerbait bezala bizitzen du; haren kontra bueltatzen den zerbait bezala hain zuzen. Zenbat eta merkantzia gehiago ekoitzi, gero eta merkantzia merkeagoa bihurtzen da langilea.

Hau da, langilea bi modutan dago alienaturik ekoizpen-baliabideengatik: soldata-hertsadura eta inposatutako ekoizpen-edukia. Langilea, bizirauteko tresna bakartzat duen heinean, mugaturik eta kondenaturik dago bete nahi ez duen lan bat egitera; ekoizpen-molde kapitalistan lana ez da borondatezkoa, bortxazkoa da. Izan ere, jabetza-pribatua aberastasunaren jabeen eskuetan egoteak eta gobernuak inposatutako zergak, langile-klasea lan egitera behartzen dute. Gizarte kapitalistan, langileen bizirautea, elkartruke monetarioan datza, eta beraz, bere irtenbide bakarra bere lan indarra saltzea, eta ondorioz, kapitaisten nahi eta eskaintzen esklabu izatea da.

Marxen ustez, langilearen burua edo adimena askea eta kontzientea izan behar du, sortzen eta ekoizten duen hori bere direktiben arabera egin izana izateko eta ondorioz berea den zerbait bezala sentitzeko. Ordez, kapitalista da langilearen adimena kontrolatzen eta gidatzen duena eta burutuko duen lanaren forma eta zuzendaritza erabakiko duena. Horrexegatik, langilea soilik bere izaera berreskuratzen du lanetik kanpo, bere buruaren jabe dela sentitzen duen momentu bakarra baita.

Langilearen Gattungswesenaren (giza-naturaren) alienazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxen ustez, indibiduoen giza-natura edo izate generikoa ez dago, langile bezala burutzen duten jardueratik bereizirik. Kontzeptualki, terminoa bera, “interes-aniztasun” eta “dinamikotasun-psikologikoa” bereizgarri dituen giza esentzia mentala definitzeko erabili izan ohi da, zeinetan indibiduo bakoitzak, beste pertsona batzuekiko harreman emozionalen bidez, ongizate psikologiko eta elkarrekiko bizirautea sustatzen dituzten jardueretan parte hartzeko nahia eta joera duen.

Gizaki baten balore psikikoa, beren ekintzen helburua, ideia intentzional bat bezala pentsatzeko edo sortzeko gai izatean datza. Hau da, gizakiak gai dira, beren buruaren gaineko ideiaren (“subjektua” bezala) bidez  eta produzitzen dutenaren gaineko ideiaren “objektua” bidez, bere intentzioak eta nahiak objektibatzeko.

Pertsona baten Gattungswesen-a (giza-natura), historikoki baldintzatutako jarduera espezifikoetatik  independenteki existitzen ez den heinean, gizaki baten natura-esentzia, soilik eguneratuko da, (bere zirkunstantzia historikoaren baitan), indibiduo bat, bere imajinazioak inposatutako kanpo-exigentziak menderatzeko aske denean, ez, beste pertsonek, indibiduoei inposatutakoak.

Produkzio harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banakoaren kontzientzia edozein izanda ere, honen existentzia gizarte beste banakoekin eta gauzekin dituen harremanek baldintzatua izango da: kolektiboki antolatzen den elkarrekiko dependentzia harreman bat da. Historia garatuz joan den heinean, gizarte forma desberdinek harreman mota ezberdinak izan dituzte garai historiko konkretu horretako produkzio bideekin. Klase batek ekoizpen bide horien kontrol eta jabetza eduki izan du beste klase batek hauen menpe lan egin duen bitartean, eta status quo horretako ekoizpen harremanean klase esplotatzaileak helburutzat du ahalik eta irabazi ekonomiko handiena apropiatzea ekoiztzaile klasearen lanarengandik. Kapitalismoan antagonia hau burgesia eta proletalgoa den era berean feudalismoan noblezia eta plebeak, adibidez. Kapitalaren garapen honen arabera ekonomiak forma desberdinak hartu ditu, antolamendu desberdin hauek jabegodun klaseari beti onura egiten diolarik: nekazaritza feudala merkatu libreak ordeztu du.

Aldaketa horiekin batera, balio sistemen eta giza naturaren (Gattungswesen) manipulazioa gertatu da, gizarte horren ekoizpen harremanek funtzionatu ahal izateko. Industrializazioaren promesetaz gain (produkzioaren mekanizazioak langileriaren baldintzak duinagoak bihurtuko zituela), lanaren banaketa kapitalistak langilearen giza natura  Gattungswesen) erabat mutilatu eta sistema industrialaren menpeko zati mekanizatua bilakatu da. Irtenbidea zera da: ia guztiz mekanizatu eta automatizatutako produkzio industrial horrek langile klasearen xahutzea gehiegi izatera heltzea- honengandik xurgatutako balioa ez denean proportzionala jasotzen duen soldatarekin (hala bere biziraupena zailduz)-. Behin hau gertatutakoan, proletalgoak indar politiko bateratu bat garatu beharko du, finean iraultza ekarriko duena, produkzio bide eta harremanak gizarte forma komunista baterantza aldatzen hasiz. Klaserik gabeko sozietate komunista behin eraikitakoan botere harremanik gabeko ekoizpen eredu batean biziko da: gizakiaren natura edo gizatasuna errespetatua izango da, ez da alienaziorik egongo, eta ez da bakoitzaren lanaren balioaren arteko desberdintze artifizialik baimenduko. Produkzio harremanek kudeatuko dituzte, eta bertan lan banaketa planifikatu bat sozializatuko da, non banako bakoitzak bere gaitasunen arabera kolektiboaren beharrak asetuko dituen. Burgesiaren interes kapitalistak tartetik kenduta, lan indarraren eta honen konsumoa ez da hauek dominatua eta determinatua izango, ekoizle eta kontsumitzaile bakoitzaren beharrek baldintzatuko dute. Lanaren banaketa hau bakoitzaren gaitasunaren araberakoa bada ere, hau beti gizartearen, kolektiboaren, onura helburutzat edukita gertatuko da, ez du interes indibidualista eta onura ekonomikoa lortzeko sabelkoikeriek bultzatuko. Ekoizpen bideen jabetza kolektibopean, banako guztien harremana honekiko berbera izango da eta interes unibertsal hauen mesede antolatuko da. Kolektiboari mesede egitean, banakoari ere mesede egingo zaio ondorioz.

Langilearen alienazioa beste langileen partetik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapitalismoak langilearen lan indarra merkantzia formara murrizten du, lan merkatu lehiakorrean trukatua izango delarik. Ez da ekintza sozioekonomiko eraikitzaile bat, nolabaiteko elkarlanean eta kolektiboki garatzen den biziraupenerako eta gizartearen hobetzerako tresna bat. Ekonomia kapitalistan, produkziorako bideak kontrolpean dituen gutxiengo dominatzaileak lan merkatu lehiakor baten inguruan funtzionatzen du: honek langileengandik ahalik eta lan indar (balioa) gehien irensten du Kapitalaren akumulaziorako. Produkzio harremanen antolaketa kapitalistak gatazkak sortzen ditu, langileak elkarrekiko lehia egoerara behartzen baititu, bataren soldatak bestearena gainditu dezan, klase moduan dituzten interes komunak ahaztaraziz. Horren kontzientzia faltsu bat sortzen du- burgesiaren partetiko kontrol ideologikoa, haien hegemonia kulturalean erreproduzitzen dena. Gainera, produkzio era kapitalista, bertako produkzio harremanak justifikatzen dituen erlijioarekin nahastuz gero, alienazioaren errealizazioa eta areagotzea eragiten du. Erlijioaren xede sozioekonomikoa da izatea “herriaren opioa”.

Alienazio ekonomikoak beste alienazio mota batzuk eragiten ditu:

Erlijio alienazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marxen iritziz, erlijioak alienazioa ere dakar ideologia funtzioa egiten duelako, erlijioa klase burgesaren interesak faboratzen dituen gizarte antolakuntza bat legitimatzen duelako. Gizarte-klase menderatzaileak erlijioa sortzen du klase menderatua uztarpean edukitzeko. Kristautasunak proletarioak limurtzen ditu justiziaren mundu honetan ez bilatzeko. Erlijioak herri xumea bultzatzen du bere bizitzako helburuak eta itxaropenak alegiazko mundu batean jartzera: Erlijioa herriaren opioa da. Erlijioak geldiarazi egiten du langileek burgesen aurka egin behar duten iraultza, eta Estatu burgesa legitimatzen du. Estatu burgesaren aginduak Jainkoarenak balira bezala onartu behar direla dioenean, erlijioak agintaritza justifikatzen du.

Gizarte alienazioa[5]

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte alienazioa, gizarte klase sozialetan banatzean datza; 2 klase antagonikoen agerpenean laburtzen dena Marxen ustez: Kapitalistak eta proletargoa. Lehenengoak, produkziobideen jabe dira eta bigarrenen lan indarra erosteko gai dira, hauek ustiatuz eta menperatuz.

G.W.F.Hegel

Kontzeptuaren jatorria eta beste filosofoen eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Georg Wilhelm Friedrich Hegel (1770-1831)

Bai Marx, eta bai Hegel, alienazio kontzeptua subjektuaren bereiztea edo banatzearen fenomenoa izendatzeko erabili izan zuten; hau da,  subjektua, bere izate propioa galtzen duenean, ematen den bere esentzia propioaren kontrako zerbaiterako bilakaera definitzeko. Ordez, nahiz eta Marxek Hegelengandik hartu zuen kontzeptu hau, desberdintasun nabariak aurkitzen dira, bi filosofoen interpretazioetan.[6]

Bi interpretazioen arteko, puntu gatazkatsuena, bakoitzak duen alienazio-subjektuaren buruera da: Hegelentzat, alienazioaren subjektua Ideia den bitartean, Marxentzat, gizakia bera (eta bereziki klase zapaldua) da. Izan ere, Hegelen filosofian, alienazioaren kontzeptua, Ideia, modu erradikalean, berarengandik guztiz desberdina den zerbaitetan bigurtzean, besterentzean eta natura bihurtzean datza; izanik, hau emateko arrazoiak, izaera teorikokoak, Ideia beraren perfekzio edo autoezagutza propioaren egitasmoarekin erlazionatuta baitaude.[7]

Dena den, Hegel, alienazioaren auzia, modu metafisikoan (espiritualegia eta abstraktuegia Marxen ustez) landu zuen bitartean, Marx ordea, alienazioaren alderdi “konkretu” eta “humanoan” zentratu egin zen. Hasieran, gizakiaren alienazioaren arazoa kulturan landu zuen, baina geroago, Feuerbach-en ideiak jarraituz, kontzeptuaren alderdi “natural-sozialean” zentratu zen; gizakiaren lan-alienazioaren problematikari arreta berezia eskainiz.

Marxen interpretazioan ordea, eta aipatu dugun bezala, jabetza pribatuaren produkzioa existitzeagatik, klase sozial baten autonomia eta askatasun galerari, beste klasearengandik jasaten duen esplotazioaren ondorio gisa, egiten dio erreferentzia.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Marx's theory of alienation. 2019-05-01 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  2. Azterketa Marxistak: apunteak. GITE-IPES.
  3. (Gaztelaniaz) Teoría marxista de la alienación. 2019-05-15 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  4. Ferrater Mora, Jose. (1991). Diccionario de Filosofia. Circulo de lectores.
  5. «Alienazio motak (Nietzsche-Marx)» Hausnartzen 2013-03-06 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
  6. Capriles, Elias. (2008). En torno al concepto de alienacion: Una reelaboracion ecologista desde el siglo XXI. .
  7. «Karl Marx - marxismo - Filosofía Contemporánea - Alienación» www.e-torredebabel.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]